URBIL EUSKARALDIAREKIN

Konpromiso Urbil proiektuaren baitan, non ardatz nagusietako bat tokiko kulturari eta euskarari laguntzea den, Urbilen aurten ere bat egin dugu Euskaraldiarekin, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin.
Euskaraldiaren laugarren edizioa 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da, "Elkar mugituz egingo dugu" lelopean, eta Urbilen erakunde gisa parte hartuko dugu beste behin. Gure Bezeroenganako Arreta Gunea Arigune gisa definitu dugu, euskaraz komunikatzeko aukera etengabe bermatzen den gunea. Gainera, Euskaraldiko txapa bereizgarriak banatuko ditugu Zentroko langileen artean, ariketa sozial masibo honetan parte har dezaten. Animatu eta parte hartu zuk ere Euskaraldian!
Zer da Euskaraldia eta zer proposatzen du?
Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala da. 11 eguneko ariketa sozial masiboa, bi urtean behin egiten dena Euskal Herri osoan, euskara ulertzen duten pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzeko -euskararen erabilera handitzeko- eta edozein pertsonarengana jotzean hizkuntza aukeratzeko orduan gure inertziak astintzeko helburua duena.
Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek har dezakete parte. Euskaraldia euskara gehiago, jende gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ariketa bat da, eta, beraz, ulermen minimo bat behar da, bi pertsonen arteko komunikazioa posible izan dadin.
Ariketak, parte-hartzaileek eguneroko elkarrizketetan bi hizkuntza-portaera erabiltzea proposatzen du:
- Lehenengo hitza, beti, euskaraz.
- Ulertzen banaute, euskaraz hitz egiten jarraitzen dut, elkarrizketa elebidunei bide emanez.
Azken batean, Euskaraldiak proposatzen diguna, ulertzen duten guztiekin euskaraz hitz egitea da. Ariketak bilatzen duena, hizkuntza portaera horiek gizartean ohikoak bihurtzea da. Helburua euskara gehiago erabiltzea da, gehiagotan eta jende gehiagorekin, erosotasunez eta normaltasunez.
Nola hartzen da parte?
Ariketa rol joko batean oinarritzen da, eta bi rol daude aukeran: ahobizi (ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dien pertsona) edo belarriprest (hizkuntza ulertzen duena eta hitz egin diezaioten nahi duena).
Ariketak irauten duen 11 egunetan, ariketan parte hartzen duten pertsona guztiek txapa bat eramango dute aukeratutako rolarekin. Aukeratutako rola edozein dela ere, txapak mezu argia bidaltzen die gainerako pertsonei: "Egin nirekin euskaraz, lasai!". Horrela, euskaraz hitz egin nahi duenak, badaki txapa daramaten pertsonekin egin dezakeela. Rola aukeratzean, gakoa portaeran dago, ez gaitasunean.
Urbilek erakunde gisa parte hartuko du Euskaraldian
Urbilen euskararen erabilera sustatzen dugu gure hizkuntza delako eta gure nortasunaren eta kulturaren parte delako. Horregatik, Urbilek erakunde gisa parte hartuko du beste behin Euskaraldian.
Bezeroenganako Arreta Gunea Arigune bat izango da
Bezeroenganako Arreta Gunea, une oro herritarrekin harremanetan dagoena, Arigune gisa definitu dugu. Une oro euskaraz komunikatzeko aukera bermatzen duen gune bat da, eta ahobizi eta belarriprest moduan parte hartzen badugu ere, ariketa modu kolektiboan egingo dugu Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan.
Ariketako txapa bereizgarriak gure langileen artean banatuko ditugu
Gainera, Euskaraldiko txapa bereizgarriak banatuko ditugu, ahobizi zein belarriprest, Zentroko langileen artean. Horrela, ariketa sozial masibo horretan parte hartzea erraztuko diegu, Zentroan euskararen erabilera sustatzeko.
Euskaraldiarekin bat egingo duzu?
Urbiletik Euskaraldian parte hartzera animatzen zaitugu. Euskaraldiaren webgunean ahobizi edo belarriprest gisa izena eman besterik ez duzu egin beharko, eta, ondoren, aukeratutako rolaren identifikazio-txapa jaso beharko duzu zure udalerrian horretarako gaitutako bilketa-guneren batean. Ariketak iraungo duen 11 egunetan, jarri zure txapa hegalean eta egin ariketa sozial hau, hartzen duzun rolaren araberako hizkuntza-portaera izanda.
Euskera gehiago erabiltzen badugu, gehiagotan eta jende gehiagorekin, denon artean gure hizkuntza babestu eta indartuko dugu.
Urbil euskararekin
Urbilen aktiboki sustatzen dugu euskararen erabilera. Azpimarratzekoa da urteak daramatzagula euskararen erabilera sustatzen duten kanpainetan parte hartzen: Euskararen Eguna, Euskaraldia ekimena, Kilometroak, etab.
Horrela, Urbilek bere ingurunearekin eta, kasu honetan, euskararekin duen konpromisoa indartzen du, Konpromiso Urbil proiektuaren baitan. Proiektu hau NBEren Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan (GJH) oinarritzen da, eta honen bidez, ingurunean aldaketa jasangarria, soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa sustatu nahi du. Gainera, proiektu honen ardatz nagusietako bat tokiko kultura, euskara eta inguruko eragileei laguntzea da.
Zentroak ingurumenarekiko, Gipuzkoako gizartearekiko, kulturarekiko eta euskal balioekiko kezkak bere DNAren zati handi bat hartzen duela erakusten jarraitzen du.